XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5. Dinosauruekiko hil ala biziko borroka.

Mesozoiko aroan narrazti ugaztunengandik sortutako belaunek, benetako ugaztunekin gero eta antz handiagoa izango dute; adibidez, odol beroa eta ilea.

Lehenengo ugaztun hauen fosilak Britainia Handian, Afrikan nahiz Txinan aurkituak izan dira.

Animalia hauek oso txikiak ziren eta beren elikagaiak harrak eta ornogabeak ziratekeen.

Paleontologoen ustez, nonbait, dinosauruen arraultzeak ere jango zituzketen.

Afrikan aurkitutako Megazastrodona da tipikoena eta berarekin batera narrazti ugaztundarrak eta dinosauruen hondakin fosilak aurkituak izan dira.

Lehenengo ugaztun hauek adar ebolutibo desberdinetan kokatu ziren eta horietako zenbait betirako desagertu lerro ebolutibotik, beste zenbaitek aldiz, bizirik iraun zuten, belaunaldiz belaunaldi sendotu, eta horiengandik Marsupialak eta Plazentarioak jaio.

Azkenenko bi hauengandik Hirugarren Aroko ugaztun modernoak etorriko dira.

Baina Mesozoiko aroan, lehen aipatu ditugun proto-ugaztun horien bizimodua ez zen batere atsegina izan.

160 milioi urtetan zehar (biologikoki ikaragarria den zifra) beren lerro ebolutiboa irauten saiatu ziren izaki hauek, aurrean zituzten beste animalia ikaragarriekin lehiaketan: dinosauruekin alegia.

Garbi dago epealdi luze horretan zehar dinosauruak Lurreko jaun eta jabe bihurtu zirela, eta beraien ondoan bizi izaten ziren lehenengo ugaztunek, bizitza zeharo murriztua eraman behar izan zutela.

Nola izan zen posible hain proportzio gabeko orekan, eta horren epe luzean, ugaztunek bizirik irautea?.